Politika -
Eskolten inguruan
Andoaingo PPko zinegotziak ostegunerako espero du alkatearen erantzuna
Guerrak alkateari proposatu dio bere bizkartzainetako bat behintzat udaletxera sartu ahal izatea eta berak erabiliko dituen gelak miatzeko aukera izatea, eta ondoren udaletxetik ateratzea.
Erredakzioa
Asuncion Guerra Andoaingo PPko zinegotziak Ane Carrere (Bildu) alkatearen erantzuna espero du ostegunerako. Guerrak bizkartzainen arazoa dela eta proposamen bat egin dio alkateari.
Carrere eta Guerra gaur arratsaldean bildu dira Andoaingo udaletxean, baina zinegotziaren bizkartzainak ez dira sartu. Ordu erdi bilduta izan dira, topaketa "lasai" batean. PPko zinegotziak azaldu duenez.
Zinegotzi popularraren bizkartzainetako bat behintzat udaletxera sartu ahal izatea eta berak erabiliko dituen gelak miatzeko aukera izatea, eta ondoren udaletxetik ateratzea proposatu dio Guerrak Ane Carrereri.
"Aztertuko duela esan dit, eta berak antzeko zer edo zer pentsatu izan duela gaineratu du; halaber, erantzuna ostegunean emango didala esan du", azaldu du Guerrak.
Era berean, Guerraren hitzetan, alkatea ez da "inola ere nire zaintzailea izan behar" eta "delegatu behar duenaren gain delegatu behar du, eta guk gure segurtasun propioa dugu", adierazi du.
Asuncion Guerraren esanetan, "ez dut bizkartzaina neure borondateagatik erabiltzen, eta gustatuko litzaidake alkatea bezala bizkartzainik gabe kaletik ibiltzea".